Ankulegi Euskal Herriko Antropologia Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailak antolatuta.
San Telmo Museoa, 2023ko martxoaren 10ean.
Etikak eta antropologiak, historikoki, harreman zaila izan dute. Alde batetik, etnografiatik eratorritako moralitateari eta etikari buruzko ikuspegi anitzek, termino horien definizio filosofiko unibertsalisteri aurre egin behar izan diote. Bestalde, antropologoek, mende bat baino gehiago daramagu gizarte ezberdinetako alderdi moral eta etikoak ikuspegi konparatibo batetik aztertzen; Malinowskitik hasita Mauss, Bateson, Scheper-Hugues, Lambek, Csordas edo Wikianek jarraituz. Ez gara ausartu etikaren kontzeptua auzitan jartzen, edo haren dimentsio eta eremu sozial eta kulturalak modu libreago baten aztertzen, agian, Durkheimek proposatutako moralaren definizio hertsian harrapatuta.
XXI. mendearen hasieran, edo agian lehenagotik, panorama hori aldatzen duten bi gauza gertatzen dira. Lehenik eta behin, gure diziplinan gogoeta egiteko eta deskolonizatzeko nahi batek, hego globaleko antropologia kritikoak aintzat hartu izanak eta eskaera profesional eta sozial aldakorrek, gure praktika eta harreman etnografikoak birpentsatzera behartzen gaituzte, eta erantzukizunaren eta konfidentzialtasunaren kontzeptuak ez ezik, elkarrekiko zaintzaren, konfiantzaren eta lankidetzaren kontzeptuak ere txertatzera. Bestalde, biraketa etikoa deiturikoak (Laidlaw 2002), Foucaulten etika/moralari buruzko teorizazioek hauspotuta, antropologian etikei eta moraltasunei buruz dugun ikusmoldea problematizatzera eta zabaltzera gonbidatzen gaitu, baita gure begirada hurrengo kontuetara itzultzera ere: premiazko gizarte- eta kultura-gaiek, hala nola hondamendi klimatikoak eta gizakien arteko -eta gizakiz bestekoak direnen arteko- harremanek, teknologia berriek, gerrek, migrazioek eta nekro-politikoek, edo osasun-krisiek hartzen dituzten dimentsio etikoetara. Gai horiek guztiek eta beste askok, kolektibo eta komunitate desberdinen errealitate aldakorrak etnografikoki ikertzeko bidean, etikaren prisma nola erabil dezakegun galdetzera garamatzate. Eguneroko praktikak blaitzen dituzten osagai etikoei buruz ere pentsarazten digute, noski. Baita zientziaren moraltasunaren inguruan sortu diren eztabaidei buruz ere; eta, jakina, lekuan lekuko ikuspegi ontologikoen eta hauek zapaltzen dituzten ordena politiko-ekonomiko globalen arteko liskarren inguruan hausnartzera ere.
Ankulegiren XXV. Jardunaldia 2023ko martxoaren 10ean ospatuko da, eta goian aipatutako ardatz tematiko nagusietako batzuk jorratzea du helburu. Honako alderdi hauetako batzuk (edo beste batzuk) barnebildu eta zabalduko dituzten komunikazioak bidaltzera gonbidatzen zaituztegu:
- etikaren antropologiaren problematizazioak eta eztabaida teoriko eta kontzeptualak, hala nola etikaren unibertsaltasun ontologikoari buruz, edo honek arlo sozial, kultural eta politikoekin duen harremana edota bereizketari buruz;
- gogoeta zehatzagoak
(a) gaur egungo eztabaida sozial, kultural, politiko edo ekonomikoen azpian dauden inplikazio etiko edo moraleri buruz (adibidez, migrazioei, pandemia garaiko praktika sanitarioei edo gerrei dagokienez)
(b) kontsiderazio etikoetan gizakiaren -eta gizakiz bestekoen- lekuari buruzko eztabaiden inguruan (adibidez pertsonen, animalien, landareen, naturaren edo hiri- ingurunearen subjektibotasun etikoari buruz) - Etnografiak, aspektu berritzaileak edo konplexuak aurkezten dituztenak, ziurgabetasunen garaiotan praktika etnografiko etiko batek dakarrenari buruz (eta, adibidez, kolektibo edo instituzioekin praktika etnografikoan sortutako gatazka etikoak biltzen dituztenak, edo landa eremuan aurkitutako dilema etikoei irtenbide berritzaileak ematen dizkietenak).
Hemen deskarga ditzakezu Call For Papers eta Egitaraua